Urduritasuna, ilusioa, dantza egiteko gogoa izan dira nagusi Dantzazank Gala hasi aurreko orduetan. Otsailak 17an burututako kasting-a pasa eta finalean egotea lortu duten taldeak, landutako koreografia buru-belarri fintzen aritu izan dira arratsaldeko 4etatik. Epaimahaikide zein ikusleak liluratzeko lau astetako lan gogorraren emaitza argitaratzear. Dantzari bilbotar gazteen distira lau haizetara zabaltzeko aukera paregabea. Ikusleak ere gogotsu etorri izan dira. Gonbidapenak banatu beharreko momentua iritsi orduko, Bilborock inguruan ilara amaigabeak aretoa inguratu izan dute Nerea Aliasek aurkeztutako finala nork irabaziko ote duen jakinminez.
Gala puntual hasi da, 19:30ean dena prest. Eskumako harmailan Ugaitz Alegria dantzari eta aktorea, Ikerne Goikoetxea aktore eta koreografoa eta Gaztea Irratiko esataria den “Jon Gotzon” serio-serio eta adi-adi ibili dira gazteak eskenatokian noiz agertuko zain. Bitartean, Nerea Aliasek Galaren aurkezpenarekin hasi eta taldeen harrera burutzen joan da. Tartean, Special J DJak finala girotzeaz arduratu da. Hortaz gain, hainbat sorpresa izan dira: break dantzarien erakustaldia eta Gilkitxaro antzerki taldeak eskainitako bakarrizketa esaterako. Ikusleen artean txaloak, algarak eta txistuak dantzarien taldeak agertu orduko. Dantzariak dotore-dotore beraien koreografia ikusgarriak taularatzen, talentu erakustaldi paregabea Bilborock-en. Hauen aurrean, Ugaitz Alegriaren iritzi teknikoak, azken entsegu egunean gonbidatu berezia izandako Ikerne Goikoetxearen Galarekiko irizpidea eta Risto euskalduna bihurtu den Jon Gotzon irrati esatariak beraien balorazioak eskaini izan dituzte ikusleen babes zein txistupean.
Epaileak ez dute erabaki erraza izan, kalitate goreneko ikuskizunak aukeran. Hala ere, aukeratu beharra izan dute, eta parte hartzaile gazteenek eskuratu izan dute 6 pertsonentzako multiabentura asteburua. Izan ere, epaileen iritziz 12 eta 13 urteko Karmelo-Solokoetxeko ikasleek ( Ane Ines Landeta, Xabier Olaizola, Garazi Cadierno, Iker Díaz de Basurto, Usue Miyar, Urtzi Fontetxa) burutu dute erakustaldirik txukunena. Bigarren saria Kirikiño Ikastolako ikasleek (Irati Agirrezabalaga, Paula Arbelaiz, Eztizen Alonso, Helen Asenjo, Eneko Aparicio) eskuratu izan dute, 6 lagunentzako Ibaizabal jaitsiera burutzeko aukera izango dutelarik. Azkenik, Karmelo-Solokoetxeko beste talde bat (Maddi Fuente, Alazne Morales, Ainhoa Urtiaga, Jon Elorza, Martin Ibarra) izan da saritua, ELKAR MEGADENDARI esker 30€tako 6 bono jaso izan dituztelarik, bertan gustuko duten aukeratu eta posible duten guztia erosi dezaten.
Sari banaketaren ostean talde guztiek bat egin, eta koreografia ikusgarri bat eskaini dute, beraien arteko giro ona agerikoa izan delarik. Esperientzia polit bat bizi izan dutela eta beraien arteak laguntasuna nagusi dela argi erakutsi izan diete ikusleei. Azken finean denak suertatu dira hein batean irabazle, entseguetan burututako lanaren emaitza kalitate handiko koreografia izan baita. Esfortzuaren indarrez beraien helburuak bete izan dituzte.
Nerea Aliasek gala bukatutzat eman bezain pronto, ikusleak apurka-apurka joan izan dira Bilborock Aretoa husten. Gazteek, ordea, oraindik ere sorpresatxu bat izan dute zain: askari handi bat! Parte hartzaile guztiak solasean, laguntasunak lehiakortasuna albo batera utzi izan du. Tripak ondo bete bezain pronto, gazteen dantza gogoak koreografiak errepikatzera eraman ditu. Koreografia guztiak behin eta berriz errepikatu izan dituzte, hau izan dute beraien Harrapazank-en baitan burutu izan duten azken dantza entsegua. Auskalo etorkizunean dantzari profesional izan eta Harrapazank-era gonbidatu berezia gisa etorriko diren!
Eskerrik asko Dantzazank lehiaketan izena eman izan duzuen guztioi! Zuek gabe ezingo genuke horrelako ekimen zoragarririk burutu.
Eskerrak baita Ylenia Sánchez, Ikerne Goikoetxea, Ugaitz Alegria, Jon Gotzon, DJ Special J, break dantzari, Gilkitxaro antzerki taldea eta hau guztia posible egin duten ikastetxeei. Milesker baita Elkar liburudendari ere.
